Menu
Bilatu
  • 2026/09/24
  • 00:01:52
justizia.eus

Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak defendatu du birgizarteratzea eta segurtasuna "ez direla elkarren aurkako kontzeptuak, erantzukizun publiko beraren parte baizik"

Argitalpen-data: 

Irudi apaingarria
  • María Jesús San José Mesedeetako Amaren Egunaren harira —espetxeetako funtzionarioen eguna— antolatutako ekitaldiaren buru izan da Donostian 
  • Espetxeetako lana jarri du balioan, “birgizarteratzea hitz hutsa baino gehiago izan dadin”

María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak gaur defendatu duenez, “segurtasuna eta birgizarteratzea ez dira elkarren aurkako kontzeptuak, erantzukizun publiko beraren bi alde baizik”, eta berretsi du askatasun-gabetzea dela zigorra, baina hori “ezin dela betirako bazterketa-zigor bihurtu”.

San José izan da gaur, Donostian, Mesedeetako Amaren Egunaren harira —espetxeetako funtzionarioen eguna— antolatutako ekitaldiaren buru. Donostiako Aquariumean ehun bat gonbidaturen aurrean egin da ekitaldia, agintarien, hirugarren sektore sozialeko erakundeen eta espetxeetako langileen aurrean.

Euskadik espetxeen kudeaketa gain hartu eta bosgarren urteurrenarekin bat, sailburuak eskerrak eman nahi izan dizkie “espetxe barruan zein kanpoan duintasuna, birgizarteratzea eta giza eskubideak bezalako hitzak asmoen adierazpen huts ez izatea posible egiten dutenei”. Esan duenez, “ezinbesteko lana da gizarte osoarentzat”.

Ildo horretan, “askatasun-gabetzearen zigorraren helburua zein den oso argi izan behar dugu. Askatasun-gabetzea kondena da, baina kondena ezin da betirako bazterketa-zigor bihurtu”. Horregatik, “zigor horien helburua izan behar da berreziketa eta gizarteratzea; hori ez da kontzesio bat, justizia da”, gaineratu du.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren ustez, justizia horrek erantzukizuna eta legea betetzea eskatzen du, baina, aldi berean, bideak ireki behar ditu norbait kartzelan sartu zenean baino baldintza hobeetan itzul dadin gizartera. Horretarako, hezkuntzaren, prestakuntzaren, lanaren, osasunaren, tratamenduaren, akonpainamendu sozialaren eta familia-harremanen garrantzia nabarmendu du. “Gure helburua ezin da izan soilik pertsona batek kondena bat betetzea. Lan egin behar dugu, askatasuna berreskuratzen duenean berriz deliturik ez egiteko tresna gehiago izan ditzan”, ziurtatu du.

Era berean, azpimarratu du “espetxe-sistemak ezin duela dena bere kabuz egin”, gizarte-erakundeak eta komunitatea behar dituela, “birgizarteratzeak, hain zuzen ere, berriz gizartearen parte izatea esan nahi duelako”.

Zubieta eta bost urteko espetxe-kudeaketa

Gipuzkoako Espetxea martxan jarri eta hiru hilabetera egin dute ekitaldia, Zubietan; azpiegitura horrek Martuteneko espetxe zaharra ordezkatu du, “1948an ireki zen, presoak zaintzeko helburu bakarrarekin”, eta, haren ustez, Zubietakoa “aurrerapen garrantzitsua da gure espetxe-azpiegituretan”.

San Josék, hala ere, azpimarratu nahi izan duenez, “ez ditugu eraikina eta eredua nahastu behar. Ez luke zentzurik espetxeko langileak gabe eta horrek guztiak zertarako balio duen argi duen espetxe-politikarik gabe”, adierazi du.

Sailburuak gogorarazi du, gainera, aurten bost urte bete direla Euskadik espetxe-kudeaketaren eskumena gain hartu zuenetik. Urte hauetan aurrera egin da “erantzukizun hori ulertzeko berezko moduan”, eta horrek pertsonen duintasuna, birgizarteratzea, ikuspegi errestauratiboa eta berrerortzeen murrizketa ditu oinarri.

Sailburuak Francisco Javier Gómez Elósegui, José Ramón Domínguez Burillo, Ángel Jesús Mota Iglesias eta Máximo Casado ere izan ditu gogoan, indarkeria terroristak hildako presondegietako profesionalak. “Beren memoriak gogorarazten digu espetxe batean lan egiteak, Euskadin, indarkeria terroristari aurre egitea ere izan zela”, amaitu du.