Menu
Bilatu
  • 2026/06/11
  • 20:41:12
justizia.eus

Gipuzkoako espetxe berria funtsezkoa izango da euskal eredua finkatzeko, gizarteratzean eta bizikidetzan oinarritua

Argitalpen-data: 

Irudi apaingarria
  • Zubietako azpiegiturak 400 pertsonentzako lekua du, 45 milioi euroko inbertsioa izan du, eta espetxe-betearazpen modernoago, espezializatuago eta pertsonak artatzeko gaitasun handiagoaren aldeko apustua egiten du

 

  • Gipuzkoako Espetxe berria datorren astelehenean, ekainaren 15ean, inauguratuko da ofizialki, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa eta Imanol Pradales Lehendakaria bertan izango direla

 

María Jesús San Josék, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, Gipuzkoako Espetxe berria bisitatu du gaur. Zentroa Zubietan (Donostia) kokatuta dago, eta jauzi kualitatiboa izango da euskal espetxe ereduan, segurtasunera zein banakako tratamendura bideratutako espazioak izango baititu, gizarteratzera begira. 

Instalazio berriaren inbertsioa 45.491.206,88 eurokoa izan da, eta 284.255,43 m2-ko azalera du guztira; horietatik, 80.714 m2 espetxe eraikinari dagozkio. Askatasunaz gabetutako 400 pertsonentzako lekua izango du, eta 255 profesional izango ditu. Irekierari esker, Martutenen zegoen edukiera nabarmen handitu da; bertan,  joan den otsailean 260 pertsona zeuden barruan,; horietatik, 130 kanpora irteteko erregimenean zeuden, eta plantillan 220 profesional inguru zeuden.

Sailburuak nabarmendu duenez, zentro berriaren irekiarekin eta Martuteneren itxierarekin, euskal espetxe eredua sendotzen da. Planteamendu horrek “espetxe-betearazpen modernoago, espezializatuago eta pertsonak artatzeko gaitasun handiagoaren aldeko apustua egiten du”. Era berean, azpimarratu du instalazio berriek eredu bati erantzuten diote “segurtasuna eta tratamendua elkar indartzen dutena, bizikidetza bermatzeko eta delitu bat egiten duten pertsonengan benetako aldaketa-prozesu bat sortzeko aukera emanez”.

Zubietako Espetxea modulutan antolatuta dago, eta modulu horiek aukera ematen dute barne-sailkapen hobea egiteko, pertsona bakoitzari egokitutako ibilbideak egiteko eta profil desberdinetako programa espezifikoak egiteko. Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren aburuz, antolaketa horrek “Euskadiko espetxe ereduaren bilakaera adierazten du: bizikidetzarako espazio hobeak ditu, prestakuntza- eta enplegurako aukera gehiago eta esku-hartze pertsonalizatuagoa. Azken helburua da gizarteratzen laguntzea, segurtasun eta erantzukizun esparru batetik abiatuta”.

Halaber, María Jesús San Josék adierazi duenez, zentroa “giltzarria” da euskal espetxe eredua finkatzeko; izan ere, ahalbidetuko du Euskadin eta Gipuzkoan errotuta dauden eta, egun, espazio falta dela eta beste autonomia erkidegoetan zigorra betetzen ari diren askatasunaz gabetutako pertsonek beren ingurunean betetzea. 

 

Terrorismoaren biktimei aitortza

 

Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak azaldu duenez, bereziki esanguratsua den une honetan, Zubietan Gipuzkoako Espetxe berriaren inaugurazioan, beharrezkoa da gogoraraztea ETA erakunde terroristak Martutenen lan egiten zutelako erail zituen pertsonak.

Bereziki gogoan izan ditu hildako hiru profesionalak: Ángel Jesús Mota, espetxeetako funtzionarioa; José Ramón Domínguez, espetxe-hezitzailea, eta Francisco Javier Gómez Elósegui, psikologoa eta Kriminologiako Euskal Institutuko (IVAC-KREI) irakaslea. Halaber, Juan José Baeza funtzionarioa aitortu du, atentatu terrorista zapuztu batean zauritua.

“Beren lana egiteagatik hil zituzten. Beren bizitzak modu bidegabe eta bortitzean kendu zizkieten. Galera konponezina da familientzat, espetxe erakundearentzat eta gizarte osoarentzat. Bere memoriak interpelatzen gaitu eta egunero egongo da  Zubietan. Bizirik mantentzea da gure konpromisoa”, adierazi du sailburuak.

Era berean, sailburuak eskerrak eman dizkie espetxeetan zerbitzua eman duten eta ematen duten profesional guztiei: “nahiz eta hamarkadetan indarkeria terroristaren jazarpena pairatu, askatasunaz gabetutako pertsonen ongizatearen eta eskubideen alde lanean jarraitzeko konpromiso tinkoa mantendu duten funtzionarioei”, esan du.

 

Gizarteratzean oinarritutako eredua  

 

Zentro Berria euskal espetxe eredua ezartzeko sortu da. Ikusmolde horren helburua da askatasunaz gabetutako pertsonek zigorrak duintasunez betetzea, banakako esku-hartzearen bidez eta pertsonan zentratua. Espazioaren antolaketa pentsatua dago barruan dauden pertsonen beharrei modu integralean erantzuteko, kanpoko lekualdatzeak murrizteko eta gizarteratze prozesuak indartzeko.

Horretarako, banakako tratamenduko programa zehatzak egongo dira espetxe barruan, eta arreta berezia eskainiko zaie osasun mentalari eta adikzioei. Gainera, tratamendu espezializatua behar dituzten bestelako egoerak ere aintzat hartuko dira, eta genero ikuspegia zeharka txertatuko da. 

Azpiegiturak, halaber, jasangarritasun eta humanizazio irizpideei erantzuten die, eraginkortasun energetiko handiarekin, erabateko irisgarritasunarekin eta inguruneko baldintza klimatikoetara egokituta.

Eraikina, gainera, funtzionamendu autonomoa duen Gipuzkoako Gizarteratze Zentro bat du. Bere instalazioen artean, nabarmentzekoak dira 50 zelda bikoitz, ikasgelak, liburutegia eta gimnasioa duen okupazio-gune bat, eta baita mediku eta erizainen asistentzia eremu bat ere, farmazia barne.

Espetxearen ardatz nagusia plaza handi bat da, eraikin nagusiak lotzen dituena, sarbideak antolatzen dituena eta hirigune autosufizientearen kontzeptua sendotzen duena. Sartze-gunean komunikazioen eraikina dago; bertan, bisitetarako 16 mintzaleku, 4 mintzaleku epaileekin eta abokatuekin komunikatzeko eta senideentzako zazpi bisita gela eta bisita intimoetarako zazpi gela daude.

Barnealdean ekoizpenerako lantegiak daude, bi industria pabiloi eta prestakuntzarako manipulatuen hiru tailerretan banatuta. Erizaindegia ere dago, kontsulta medikuak, erizaintza, odontologia, farmazia eta laguntza-zeldak dituen arreta eremua.

Era berean, Aukerak—Gizarteratzearen Euskal Agentziak, kudeatutako hainbat zerbitzu daude arlo horretan, hala nola sukaldeak, garbitegia eta instalazioak, baita ekoizpen-tailerrak ere, irteera profesionalak dituzten sektoreak sustatzen dituztenak. Zentroak, gainera, kirol eta kultura gune bat ere badu, kirol-pista, gimnasioa, aldagelak, auditorioa, liburutegia eta ikasgelak barne. Kanpoaldean frontoia dago.

Bizitegi-guneak sei modulu eta hainbat zerbitzu komun ditu, besteak beste, jangela, egongelak eta ekonomatua. Zeldak goiko bi solairuetan banatzen dira. Lau modulu berdin-berdinak dira eta bakoitzak 40 zelda ditu. Bi modulu espezifiko daude: bata, emakumeentzat da, 24 zeldekin eta haurtxoak dituzten amentzako solairu batekin, eta, bestea gizonentzat, 48 zeldekin. Modulu guztiek partzialki estalia dagoen patio itxi bat eta lantegi okupazionalak dituzte.

Proiektua Espainiako Gobernuak sustatu eta gauzatu du, Estatuko Azpiegitura eta Ekipamenduen Sozietatearen (SIEPSEren) bitartez.