Menu
Bilatu
  • 2026/10/ 8
  • 01:03:16
justizia.eus

Justizia eta Giza Eskubideen Sailak gizarteratzea helburu duen Espetxeen V. Done Jakue Bidearen amaieran parte hartu du

Argitalpen-data: 

Irudi apaingarria
  • Alfonso Gómez Justiziako sailburuordeak Santiagon egindako azken ekitaldian parte hartu du

Gipuzkoako Espetxeko bost presok —lau gizon eta emakume batek— Espetxeen Done Jakue Bidearen V. edizioan parte hartu dute asteburu honetan; Zubietako espetxeko funtzionario batek eta boluntario talde batek lagundu diete.

Espainiako Gotzainen Batzarreko Espetxe Pastoraltzak Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren laguntzarekin antolatutako ekimenak Espainiako 23 espetxetatik etorritako 200 preso inguru bildu ditu. Guztira, 365 pertsonak hartu dute parte, presoak, espetxeetako langileak, boluntarioak eta erakundeetako ordezkariak barne.

Alfonso Gómez Justiziako sailburuordeak, Chema Bastos Justiziako zuzendariarekin batera, Monte do Gozon egin den azken ekitaldian parte hartu du. Bertan, Gipuzkoako parte-hartzaileetako batek bere esperientzia pertsonala partekatu du, Obradoiro plazarako ibilbidea osatu aurretik.

Gómezek nabarmendu du erromesaldiak birgizarteratzeko tresna gisa balio handia duela, eta hori dela euskal espetxe-ereduaren oinarria, hain zuzen ere, espetxeak Euskadira transferitu zirenetik bost urte bete direnean.

Espiritu hori ondoen islatu duen testigantzetako bat Gipuzkoako Espetxeko emakume preso batena izan da; esperientziak etorkizunari itxaropenez begiratzeko aukera eman diola azaldu du. "Nire bidea ez da hemen amaitzen", esan du, sinetsita bizipen hori hazkunde pertsonalerako eta gizartera itzultzeko prestatzeko prozesu zabalago baten parte dela.

Erromesaldian parte hartu duten Gipuzkoako Espetxeko presoak bigarren graduan daude, eta zigorrak nahiko beteta dituzte. Parte hartzeko, Tratamendu Batzordearen aldeko txostena, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren baimena eta Espetxe Zaintzako Epaitegiaren oniritzia izan dute.