Menu
Bilatu
  • 2026/09/22
  • 23:26:19
justizia.eus

Zabalik dago karrera judizialerako eta fiskalerako eta Justizia Administrazioko abokatuen kidegorako oposizioak egitera zuzendutako bekak eskatzeko epea

Argitalpen-data: 

Irudi apaingarria
  • EHAAk argitaratu du Justizia eta Giza Eskubideen Sailak aurten emango dituen beken deialdia, guztira, 7.300 euroko 36 beka izango dira.
  • Laguntzak %11 igo dira aurreko urtearekin alderatuta, eta inork arrazoi ekonomikoengatik oposizioak egiteari uko ez egitea dute helburu

Justizia eta Giza Eskubideen Sailak karrera judizialerako eta fiskalerako eta Justizia Administrazioko abokatuen kidegorako oposizioak prestatzen dituzten pertsonentzako bekak eskatzeko epea zabaldu du. Deialdiak 264.000 euroko zuzkidura du guztira, eta 2027. urtean 7.332 euroko 36 beka ematea ahalbidetuko du (hileko 611 euroko baliokideak). Urriaren 19ra arte eskatu ahal izango dira.

Aurten, laguntzen banakako zenbatekoa aurreko ekitaldian baino 732 euro handiagoa izango da, hau da, % 11 handiagoa. Igoera hori beken kopurua doitu izanari esker egin ahal izan da, kopuru hori 40tik 36ra jaitsi baita, azken urteetan izandako eskari erreala kontuan hartuta. Horri esker, handitu egin da bereziki zorrotzak eta iraupen luzekoak diren hautaketa-prozesuei aurre egin behar dieten onuradunentzako laguntza ekonomikoa.

Beka horiek Zuzenbidean lizentziatu edo graduatu diren pertsonei zuzenduta daude, eta oposizioen prestaketaren ondoriozko gastuak (hala nola azterketei lotutako prestakuntza espezializatua, ikasmateriala, joan-etorriak, ostatua eta mantenua) ordaintzen laguntzea dute helburu.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San Josék azaldu duenez, ekimen horren helburua aukera-berdintasuna bermatzea da: “Inork arrazoi ekonomikoengatik oposizioak egiteari uko egin ez diezaion lortu nahi dugu. Talentuak, merituak eta gaitasunak ez dute familia bakoitzaren egoera ekonomikoak baldintzatuta egon behar”. San Josék adierazi duenez, deialdi honek talentua eta ahalegina euskal familien egoera ekonomikoen gainetik jartzen lagunduko du. Epaile, fiskal edo Justizia Administrazioko abokatu izateko oposizioak egiten dituzten pertsonak prestatzeko, bospasei urteko dedikazio esklusiboa behar da, eta, aldi horretan, pertsona asko beren familien babes ekonomikoaren mende egoten dira.

Aukera-berdintasunaren bermea

Laguntza horiek azken hamarkadan izan duten bilakaerak erakusten du sendotu egin direla karrera judizialean eta fiskalean sartzen laguntzeko eta horretarako aukera-berdintasuna bermatzeko oinarrizko tresna gisa. Laguntza horiek 2012. urtean sortu ziren 264.000 euroko aurrekontuarekin, eta 40 pertsona izan ziren onuradunak. 2013an aplikatutako aurrekontu-murrizketak 132.000 eurora jaitsi zuen zuzkidura, eta, horren ondorioz, onuradunen kopurua erdira murriztu zen, 40tik 20ra. Ondoren, deialdiak gora egin du pixkanaka, eta 264.000 eurora iritsi da.

Eskaera aurkezteko epea urriaren 19ra arte egongo da zabalik. Informazio gehiago:https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2027/kjflb-2027/web01-tramite/eu/