Salaketa aurkeztu
Salaketa aurkeztu
Salaketak ahal bezain argiena eta osatuena izan behar du eta, gutxienez, datu hauek jaso behar ditu:
- Salatzen diren egitateak, modu argi, zehatz eta ordenatuan.
- Salatzen diren egitateak noiz gertatu ziren.
- Egitateak non gertatu ziren (toki batean baino gehiagotan izan daiteke).
- Egitateen lekuko posibleak.
-
Salatzailearen datu pertsonalak, eta ahal bada, salatuarenak.
-
Eta judiziorako interesgarritzat jotzen duzun beste edozein datu.
Zer behar duzu?
Lesiorik baduzu, mediku-azterketaren ziurtagiria. Lesio fisikorik izanez gero, oso garrantzitsua da ahal bezain azkar, baita salaketa aurkeztu baino lehen ere, osasun-zentro batera joatea (zure etxetik gertuen duzun osasun-zentrora edo hurbilen duzun Ospitaleko Larrialdietara).
Salatzailearen datu pertsonalak, eta ahal bada, salatuarenak.
Noiz eta non eskatu
Delitua preskribatuta ez dagoen bitartean, salaketa idatziz edo hitzez aurkez dezakezu Guardiako Epaitegian, Bake Epaitegietan, Fiskaltzan edo polizia-etxe batean (bai Ertzaintzan, bai Udaltzaingoan).
Kontsulta ezazu EAEko Guardiako Epaitegien direktorioa.
Aurkezteko epea
Delituak preskribatzen ez duen bitartean aurkez dezakezu salaketa.
Preskripzio-epeak kontuan hartzen ditu delitu bakoitzari dagokion zigorraren larritasuna eta iraupena. Zehazki, Zigor Kodearen 131.1 eta 132.1 artikuluei erreparatu behar diegu, non urtetik 20 urtera bitarteko baremoa ezartzen den. Gainera, epe hori delitua egiten denetik hasiko da zenbatzen, edo delitu jarraitua bada, delitua gertatu zen azken alditik.
Informazio gehiago
Nola erantzuten dizugu
Salaketa aurkeztu ondoren, izapidea hasi duzun udalerriko Instrukzioko Epaitegiak gertatutakoa ikertuko du. Horretarako, lekukoak deituko ditu, auzipetu posibleen adierazpenak entzungo ditu, adituen txostenak eskatuko ditu...
Ikerketa-lanak bukatu ondoren, Instrukzioko Epaileak ekintza hauetakoren bat egin beharko du:
- Fiskaltzaren txostena jaso ondoren, prozedura artxibatuko duen erabaki: instrukzioko Epaileak zure prozedura artxibatzea erabakitzen badu, eta kaltetuta sentitzen bazara, artxibatzearen aurkako errekurtsoa aurkez dezakezu.
- Prozedura zigor-arloko epaitegira bidaltzea, gertaerak delitu larriak edo ez hain larriak direla uste duelako, edo Probintzia Auzitegira bidaltzea (dagokion delituarentzat ezarritako zigorraren larritasunaren eta iraupenaren arabera). Instrukzioak prozedura zigor-arloko epaitegira bidaltzea erabakitzen badu, zigor-arloko epaitegiak ezarriko du epaiketa egiteko eguna eta ordua, alderdiei eta lekukoei zitazioa egingo die eta epaia emango du.
- Instrukzioko Epaitegian bertan epaiketa egiteko eguna jartzea. Instrukzioaren ustez epaiketa egiteko eskumena badu, legean ezarritako delituen kausetan (larriak, ez hain larriak edo arinak) hartuko du erabakia. Ebazpena eman aurretik, zigor-arloko bitartekaritza eginbideen jomuga ere izan daiteke.
Epaia eman ondoren, Epaileak bere eskura dituen baliabide guztiak erabili beharko ditu zuzen betetzen dela bermatzeko. Adibidez, epaitza ekonomikoa dakarren epaia bada, zorra ordaintzeko adina ondasun enbargatuko ditu. Epaia askatasuna kentzea bada, ordena publikoko indarrei atxilotu eta espetxeratzeko agindua emango die eta, beharrezkoa bada, bilatzeko eta atxilotzeko agindua ere emango du.
Mediku-azterketa
Salaketa aurkezterakoan lesio fisikorik baldin baduzu, auzitegi-mediku batek aztertu beharko zaitu, horren aurretik osasun-zentro batera joan eta ziurtagiri medikoa eman badizute ere.
Ebazpenarekin bat ez etortzea
Alderdietakoren bat judizioan emandako ebazpenarekin ados ez badago, errekurtsoa aurkez dezake. Errekurtsoa goragoko instantzia batera bidaliko da, Probintzia Auzitegira. Han, kasua berriz aztertuko dute eta epaia emango dute. Jarraian, autoak dagokion Epaitegira bidaliko dira, epaia betearaz dezan.
Ohiko galderak
Salaketak aurkezteari buruzko ohiko zalantzak jaso ditugu Ohiko galderak atalean.
Azken aldaketako data: