- Telefono-zenbaki bat eta helbide elektroniko bat gaitu dira, nahi duenak legez dagokion informazio pertsonalizatua konfidentzialtasunaren eta datuen babesaren berme guztiekin jaso dezan
Jakinarazpenen kudeaketa hobetzeko eta biktimei informazio egokia bermatzeko helburuarekin, berraztertu egin da espetxe-baimenen jakinarazpenari aplikatu beharreko irizpidea. Hemendik aurrera, biktimek Eusko Jaurlaritzaren aldetik informazioa zuzenean jasotzeko duten eskubidea kontuan hartuta egingo dira jakinarazpenak, banan-banan
Aldaketa horren helburua da bateragarri egitea biktimek informazio garrantzitsua jasotzeko duten eskubidea eta jakinarazpenen kudeaketa eraginkorragoa eta homogeneoagoa. Orain arte erabilitako sistemaren arabera, ebazpenak biktimen elkarteei jakinarazten zitzaizkien, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren asmoa baitzen elkartekideei emozionalki eragiten dieten ebazpenak lehenago helaraztea. Hala ere, sistema hori desegokia izan da, kasuren batean biktimei ez zaizkielako ebazpenak transmititu, eta beste batzuetan espedienteetako alderdi sentikorrak eta babestuak filtratu direlako.
Aldaketa horrek ez ditu biktimen eskubideak urratzen, eta informazioa legez aurreikusitako kasuetan jasotzen jarraituko dute, haiek hala nahi duten kasuetan. Era berean, prozesu osoan bermatuko da biktimak babesteko, artatzeko eta laguntzeko konpromiso instituzionala.
Une honetatik aurrera, legeak aurreikusitako kasuetan espetxe-baimenen berri jaso nahi duen biktima orok zuzenean eska diezaioke Eusko Jaurlaritzari, horretarako gaitutako kanalen bitartez:
Telefonoz: 945 01 66 28
Posta elektroniko bidez: atencionvictimas@euskadi.eus
Biktimen Arretaren Zuzendaritzak erantzun pertsonalizatua emango du, zalantzak argituko ditu eta legez jasotzea dagokion informazioa eskaini, betiere datuen konfidentzialtasuna eta babesa behar bezala bermatuta.





